Haur motxiladun
Haur motxiladuna —maiz motxiladun umea ere deitua— preso dagoen senide bat ikusteko urruneko kartzeletara joan behar izaten zuen haurra da.[1] Izan ere, Espainiako Erresumak (2023rarte) eta Frantziako Errepublikak (2019rarte) Euskal Herritik urrun sakabanatuta izan zituzten preso horiek, erabaki politikoen ondorioz, eta haur motxiladunek ehunka kilometrora bidaiatu behar zuten beren senideak ikusteko.
2018an, horietako 113 haur adingabek zituen guraso bat edo bi espetxean.[2] 2021ko martxoan Sareren datuen arabera, 88 ume motxiladun zeuden Euskal Herrian.
Izenaren jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Motxilaren umea 2017ko maiatzean egindako 25 minutuko film pedagogikoa da izenaren jatorria. Film hori Maiderren historia da, alegia bere ama espetxean daukan adingabeko neska batena. Beren arteko harremana eta haurraren garapen pertsonala gorabehera horren menpe dago. Arazoa askoz larriago egiten du bere ama etxetik ehunka kilometrotara bizi izateak; ondorioz, neskari ukatu egiten zaio jasotzeko amaren afektibitatea eta hezkuntza amaren eskutik jasotzeko eskubidea.
Dokumentalaren helburua da «ehunka euskal umeri ukatutako eskubideen aldeko aldarria» egitea, bai eta presoen urrunketaren aurkako salaketa egitea ere.
Motxilaren umea Txileko Valparaisoko Giza Eskubideen XI. Zinemaldiko finalean aurkeztu zen.[3] Youtuben ikusgai dago, euskaraz ez ezik, ingelesez, portugesez, katalanez, frantsesez eta gaztelaniaz ere.
Gizarte zabalkundea eta eztabaida politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ken Zazpi taldearen lehenengo diskoko Malen abestia, 2001. urtean plazaratua,[4] haur motxiladun bati eskainia da. Malen bera, errealitatean, 1999an jaioa da, eta hiru hilabete zituela eraman zuen amak lehenengoz aita ezagutzera; geroztik hilero joaten saiatzen da.[5]
ETB1ek haur motxiladunen gaia azaldu zuen Xabier Madariagak aurkeztutako Ur Handitan saioan, 2018ko urtarrilaren 9an.[6] Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) saio horrek % 7,8ko ikusle kuota izan zuen, 70.000 ikusle izan baitzituen.[7] Audientzia metatuari dagokionez, 112.000 herritarrek egin zuten bat uneren batean emankizunarekin —ETBk dio azken datu hori EAEri eta bere eragin esparruari dagokiola—.[8]
Haur motxiladunek babes zabala dute Euskal Herriko gizartean, baina Espainiatik nahiz Euskal Herritik bertatik espainiar unionista batzuek kritikak egin dituzte arazoari emandako zabalkundeaz. Nahiz eta arestian aipatutako Ur Handitan saioan ETAri buruzko hitzik esan ez zen, Coviteren iritzira «ETAren historia zuritu» nahi izan zuen saio horrek.[9] Alderdi Popularrak iragarri zuen EiTBko zuzendari orokor Maite Iturbe Eusko Legebiltzarrean agertzea eskatuko zuela, saio hura zela eta. Euskadiko Ezkerraren Gazteek ere (PSEko gazteak) Euskal Telebistaren aurkako kritikak egin zituzten saio honen harira.[10]
Euskal presoen urrunketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1988tik 2023ra, boterean edozein alderdi politiko egonik ere, Espainiako Gobernuaren estrategia izan da[11] ETAko edo Dena da ETAko presoek Euskal Herritik kanpo betetzea espetxe zigorra. Frantziak 2019rarte izan zuen indarrean espetxe politika hau bere gobernuaren erabaki politikoaren ondorioz.
Liburua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2024an Eztizen Artolak "Gurpilak" liburua idatzi zuen, haur motxiladun baten begiradatik idatzitako eleberria[12].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «haur motxiladun», Berria Estilo Liburua.
- ↑ Arbelaitz, Lander. «Sakabanaketa politika "motxila" dela eta amaitzeko eskatu dute hainbat presoren alaba-semek» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-01-15).
- ↑ «Motxilaren umea» Kurkuluxetan (Noiz kontsultatua: 2018-01-11).
- ↑ «Ken Zazpi | Diskografia | Atzo da bihar» Ken Zazpi (Noiz kontsultatua: 2018-01-11).
- ↑ «Ken Zazpiren 'Malen' kantuaren atzean dagoen istorioa kontatu digu Malenek» EiTB 2018-01-09 (Noiz kontsultatua: 2018-01-11).
- ↑ «'Motxiladun umeak', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan» EiTB (Noiz kontsultatua: 2018-01-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El programa ‘Motxiladun umeak’ de ‘Ur Handitan’ alcanzó una audiencia de 112.000 espectadores» Naiz.eus 2018-01-10 (Noiz kontsultatua: 2018-01-11).
- ↑ Urkizu, Urtzi. (2018-01-11). «'Ur handitan' lider euskaldunen artean, % 16,5eko ikusle kuotarekin» Berria.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Covite acusa a ETB de ponerse al servicio del blanqueamiento de ETA» El Mundo 2018-01-10 (Noiz kontsultatua: 2018-01-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El PP pedirá la comparecencia de Maite Iturbe por el programa ‘Motxiladun umeak’ en ETB» Naiz 2018-01-11 (Noiz kontsultatua: 2018-01-15).
- ↑ Harriague, Xan. (2008-12-11). «Rubalcabak onartu du presoak baliatzen dituztela ETAren aurka» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-01-15).
- ↑ https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2024-09-13/hemeroteca_articles/egoera-hori-bizi-izan-dugunok-motxila-gainean-daramagu